
Nafarroa aldera txangoa
Albiztur 20 lagunek Irunberrira joan ziren pasa den larunbatean; inguruak ezagutu eta upategi batera joan ziren.
esti ezeiza
Pasa den larunbatean, 20 lagun inguru Nafarroa hegoaldeko zenbait txoko ezagutzera joan ziren. 08:30 aldera atera ziren Albizturtik, eta Irunberriko bidean jarri. Hara iristean, lehendabizi arroila ezaguna bisitatu zuten, paseotxo bat emanaz bertatik. Udalerriaren alboan kokaturik dago hau. Laburra baina oso interesgarria den haitzebakia da, Irati ibaiak bertako kareharria erosionatuz eratu zuen. Kilometro bateko luzera du eta 150 eta 400 metro arteko altuera.
Historian zehar, gizakiak ezin izan du bertara heldu topografia malkartsua zela medio, XX. mendera arte, Zangotza eta Iruñea lotzen zituen trenbidea egin zen arte. Gaur egungo bidea, antzinako trenbide horrek (1995. urtean itxi zen) zabalduriko bide berbera da. Arroilaren hegoaldeko muturrean dago kokaturik Deabruen zubia. Naturari dagokionez, erreserba naturala da, bertan kokaturik baitago hegazti harrapakarien kolonia garrantzitsu bat.
Bisitaren ondoren, Aristu upategi ekologikora
Arroila ikusi ondoren, Irunberriko herrigunera joan ziren, hau pixka bat ikusteko. Baina denbora gutxi egin zuten bertan, bazkaltzeko garairako, Aristu upategi ekologikora hurreratu baitziren. Han lehendabizi, mahastiak ikusi zituzten, eta ardoa nola egiten den ikusi. Bestalde, ardo ekologikoen eta gainontzekoen arteko ezberdintasunak zeintzuk diren ezagutzeko aukera ere izan zuten.
Azalpenak entzuten zituzten bitartean, ardo ezberdinak dastatu zituzten. Ondoren, Aristun bertan bazkaldu, eta arratsalderako, Xabierko gaztelura bideratu ziren. Eraikin esanguratsu hauek ikusita, etxera abiatzeko garaia heldu zitzaien, eta ilunabarrean iritsi ziren Albizturrera. Txangoaren amaieran gustura agertu ziren bidaiariak, eta hurrengo irteerarako zenbait proposamen luzatu zituzten.
Zine kluba
'California dreamin' filma jatorrizko bertsioan
TOLOSA, Leidor aretoa - 2009-01-08
Mendi irteerak
Otsondo mendatera
TOLOSA, - 2009-01-02
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.